CNT. 1º DE MAYO. FOTOS Y CRONICA.

mayo 4, 2011

mani cnt 1 mayo bilbao

______________________

Garai beltzak eta erantzun gorriak.

Crónica del 1 de Mayo en Donostia.

Martes 3 de mayo de 2011, por secretaria de acción sindical

Krisi ekonomikoa dela-eta langileak inoiz baino baldintza prekarioagoetan daudela salatu du CNTk Maiatzaren Lehenean; eta kapitalistek, aldiz, probetxu atera diotela egoerari

Samara VELTE

Langileen aldeko mugimenduak galdu ezinezko zita izaten du maiatzeko lehen egunean. Aurten, 125 urte bete dira Chicagoko (AEB) Haymarket plazako sarraskia gertatu zenetik, Polizia lan-baldintza duinak eskatzen ari ziren manifestariei oldartu zitzaienetik. Mende eta laurden igaro da, baina sindikatuek baldintza hobeen eskean jarraitzen dute.

Euren buruari gehiengo sindikal deitzen diotenak Bilboko kaleak itotzen ari diren bitartean irten da kalera CNT sindikatu anarkista. Urteroko moduan, Bilbon eta Donostian dute hitzordua, jakin badakiten arren horrela jende gutxiago bilduko dutela.

Aurten ere Donostiako Bulebarrean egin dute kabia: UGT eta CCOO sindikatuek kartelez papereztatu gabe utzi duten ertz bakanetako batean jarri dute liburu postutxoa. Anarkistak ez doaz inora libururik gabe, iraultza ere ez baitoa inora hezkuntzarik gabe.

Eguerdiko hamabiak aldera hamar laguneko koadrila baino ez dago bilduta CNTko postuaren inguruan; besteak Errenteriatik oinez datoz, eta haien zain daude. Goizeko hamarretan irten behar zuen Plataforma Antikapitalistaren martxak handik. Sustatzaileen artean daude CNT bera, ESK, CGT, EB-Berdeak, EPK eta beste zenbait talde. Azkenean, pertsona baino sigla gehiagok hartu dute parte: hiru kidek baino ez dute egin bide osoa.

CCOO eta UGT “sindikatu-enpresak” iristen ikusi dituztenean atera dute pankarta propioa. Langile klasearekin ez jolastu: gizarte hitzarmenik ez! leloak gehiago dirudi “boterearen sindikatuei” zuzendua, botereari berari baino.

12:30ak aldera abiatu dira azkenik, kanaberazko bandera gorri-beltzak sorbaldan eta lelo bihurriak ahoan dituztela. Gehienak langileen borrokaren aldekoak eta murrizketen aurkakoak dira, baina benetan, anarkia da nagusi gaietan: Abiadura Handiko Trenaren aurkako leloetatik hasi eta euskal presoen eskubideen aldekoetaraino, edozer da baliagarri oihukatzeko. Unean uneko proposamenek ere harrera ona dute.

Ez dira 40 lagun baino gehiago izango, baina ez da berriketarik manifestazioan; amorruzko oihuak dira guztiak, konpromiso argia erakusten dutenak. Gaurkoa “jaieguna ez, borroka eguna” dela dioten arren, ez da umorerik falta erdi inprobisatutako leloetan. Adineko andre koadrila bat bada tartean, baita ume batzuk ere. Bankuz betetako Askatasunaren Hiribidetik barrena doazela, Ez da dirurik falta; lapurrak soberan dira leloa da nagusi.

Errepide ertzetan, txomingero, turista eta paseianteak ditutze begira. Gehienei ez zaie axola gertatzen ari dena; autoren batek klaxona jotzen du tarteka, eta jaunartze bateko gonbidatuei bekokia beztu zaie erlijioaren aurkako leloak entzun dituztenean.

Anarkikoki, pentsatu gabeko bidea hartzen du manifestazioak: udaltzainei abisu eman gabe badoa Alde Zaharreko karriketan barrena, kale estuetan hobeto entzuten baitira leloak, eta manifestazioan jende gehiago dagoela ematen du. Hain zuen, lagun berriak ere batu dira protestara. Alde Zaharrean irribarre gehiago sorrarazi dituzte anarkisten leloek, bereziki Odon Elorza alkateak peoi gisa lan egin dezala eskatu dutenean. Andre koadrila bat kafetegi bateko terrazan eserita dago; haietako batek ere bat egin du leloekin, politikariak lapurrak direla oihukatu dutenean. Gero, lagunen aurpegiak ikusita, zera baino ez du esan: “Zer? Egia da eta!”

Elkartasuna giltzarri

Ordubiak aldera, Bulebarreko zuhaitzen gerizpean hartu dute atseden manifestariek. Mitina emateko ordua da. Pasa den urtearen balorazioa egin dute Luis Oterok eta Endika del Riok –lehenak gaztelaniaz eta bigarrenak euskaraz–. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 33.000 familiatan inork lan ordaindurik egiten ez duen arren, BBVAk, Iberdrolak eta Telefonicak inoizko irabazi handienak lortu dituztela esan dute. Erretiroa atzeratzeak langile arrunten pentsioa %12 eta %15 artean jaistea ekarriko du, baina politikariek zazpi urte baino ez dute kotizatu behar pentsio osoa jasotzeko. Ondorioa argia da: “Aberatsak aberatsago eta behartsuak behartsuago”.

CCOO eta UGTrentzat ere izan da kritikarik: estatuak 15 milioi euro eman dizkiela eta greba orokorrik ez dutela antolatu nahi salatu dute. Hain zuzen, boterearen dependentzia hori da sindikatuen funtzionamendua oztopatzen duena, Oskar Gomez Gipuzkoako CNTko idazkari nagusiaren iritziz: “CNTn inork ez du kobratzen, uste dugulako gauzak hobeto ateratzen direla borondatez egiten direnean. Beste baten dirua hartzen duzun unetik haren morroi bihurtzen zara, eta hori gertatu zaie sindikatu handiei ere: ez dute gobernuaren erabakien kontra borrokatzen, murrizketen beldur direlako”.

Amaieran, kantatzeko deia egin dute; ahots okerrekin baina gogo biziz ekin diote Barrikadetara abestiari, gehienek ezker ukabila altxata eta batzuek bi ukabilak elkartuta, langileen arteko elkartasunaren adierazle. Ekitaldia bukatzeko, Tomas Arruti biolin joleak Internazionala jo du: “Duela ehun urteko kantua da, baina orduan bezain fresko eta beharrezkoa da oraindik”. Iraultzaren doinua oraindik mihian dutela, bandera gorri-beltzak bildu eta liburuak jaso dituzte, Amaran duten lokal xumera abiatzeko.

Anuncios

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s

A %d blogueros les gusta esto: